XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gerra amaitzean Ingalaterra utzi eta mendebaldeko zibilizazio industrialdua baino bizimodu asebetegarriago baten bila, Europatik aldegin nahian, Indiara, Australiara eta Mexikora jo zuen.

Beti ibilian, idazteari utzi gabe, bere bizitza laburrean idazlan kopuru handia sortuko du, eta genero guztiak erabiliko, bere filosofia pertsonala eta munduaren ikuspegia garatzeko.

1925ean berriro Europara itzulita, Lawrencek azken urteak gehienbat pintatzen eta bere azken nobela eskandalagarria, Lady Chatterley's Lover, idazten eta berridazten pasatu zituen.

1930ean hil zen Frantzian 44 urte zituela.

Gerra ondorengo hamarkadan Lawrenceren fama alde guztietara zabaldu zen eta miresmen bezain arbuio itsuak sortarazi zituen aldeko eta kontrakoen artean.

Ordena zaharra mehatxatzen bide zuten eragin iraultzaileen iruditzat hartua izan zen eta hein horretan gaitzetsia eta goretsia.

Eta ez beti ondo ulertua.

Birjina eta Ijitoa-ren istorioan, nobela laburren saileko maisulan gehienetan bezala, gai lawrenziano nagusiak osatuki kondensaturik aurkitzen dira eta neurrian orekatuak mezua eta artea.

Lawrenceren ustea da mendebaldeko zibilizazioko gizona arrazoiak, zientziak eta kulturak bizigabeturik eta antzuturik dagoela, giza-historiaren hasieran zuen edertasuna eta berezkotasuna galduta.

Nola berreskuratu eta ekarri gure mundura oraindik etnia primitiboetan, adibidez Mexikoko indioen artean irauten duen izaki aske eta benetako gizontasunaren jabe den hori?

Gizonaren eta emakumearen haragizko elkartasunaren bidez, baina elkarketa hori errito sakratu bat bezala burutzeko kondiziotan.

Lawrenceren obra osoa maitasun falikoaren gorespena da, unibertsoarekin elkartasun mistikoa lortzeko bide den aldetik.

Birjina eta Ijitoaren hasieran, Yvette birjinaren ingurunea ezagutzen dugu, zibilizazio ustel horren irudi.

Erretorearen alaba familia berekoi, faltsu, nazkagarri batean bizi da, Materraren legearen menpe.

Lawrencek Materrarengan, zibilizazioa eta kultura adierazten duen matriarkaduan, deskargatuko du bere gorrotoa.